POTTOKA ARRAZAREN TOPAKETA TOLOSAN
2018-09-20
Datorren larunbatean, irailak 22, Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteak Tolosako zezen Plazan Pottoka arrazako 1go Topaketa antolatuko du. Bertan, Pottoka zaldi arrazako 18 zaldi elkartuko dira eta ikusgai izango dira, Pottoka zaldi arrazaren ezaugarriak azalduko direlarik.
Bertaratuko diren zaldiak Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteko kideenak dira. Topaketa honen helburua hazle bakoitzak arraza honekin bere etxean egiten ari den lana erakusgai izatea da eta Pottoka arraza, Euskal Herrian dugun zaldi arraza zaharrena, ezagutzera eman. Lan honen ondorioz lortu diren hobekuntzak aztertuko dira eta etorkizunari begira lan ildoak ezartzeko ere balioko du topaketa honek.
Zaldiak teknikarien bitartez baloratuko dira eta bakoitzak dituen ezaugarriak aztertuko dituzte. Zaldiak bakoitza banaka ikusgai egongo dira eta ondoren banaka paseatuko dira. Denen artean hiru onenak aukeratuko dira, beraien ezaugarriengatik bereizten direnak.
Honetaz gain, zaldi bakoitzak bere argazki saioa izango du, zinemako izarren pare!!!